Oiartzun

Gazteria eta Kirola

Parte hartu nahi duten gazte euskaldunek gaurtik abuztuaren 31ra arte bidal ditzakete euren zirriborroak. Lehiaketaren buruz burukora heltzen diren hamar taldeak irailaren 16an lehiatuko dira Tolosan, herriko hamar horma margotuz. Haien artean 1.200 euroko hiru sari, eta “Kalitatea” sari berezi bat ere banatuko dira.

   Euskararen erabilera areagotzeko lanean dabil TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioa. Gazte Sailak, besteak beste, gazteen aisialdi eta kultur beharrei erantzuteko, asteburuetan.com gazte programa garatzen du. Programa horren bitartez, TOPAGUNEAK euskara erabiltzera animatu nahi ditu gazteak, haien gustuko jarduerak euskaraz antolatuz. Halaxe nabarmendu du TOPAGUNEAren Haur eta Gazte Saileko arduradunak, Sonia Pérez Anguerak.

   Lehiaketaren aurkezpena egiteko prentsaurreko berezi samarra antolatu du TOPAGUNEAk, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko atarian. Tolosako Kimi Martinez eta Xabi Tolosa gazteek graffiti bat egiten zuten bitartean, Soniak lehiaketaren xehetasunen berri eman du. Harekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzako arduraduna, Xabier Sanchez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Saileko Zuzendaria, Jose Ignacio Insausti, Tolosako 750. Urteurrena Fundazioko Koordinatzailea, Gurutze Zubeldia, eta Gazte Kutxako arduraduna, Jose Manuel Goenaga, egon dira. Erakunde horiek guztiek, eta ordezkaririk bidaltzerik izan ez duten Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek ere, babesten dute ekimena.

   Antolatzaileek “gazteak kultur ekoizpenean parte hartzera animatzeko ekimenen garrantzia” azpimarratu dute. Horretarako, oso garrantzitsua da gazteen gustukoak diren kultur adierazpide berriak euskaraz normaltasunez garatzea, eta esparru horietan dabiltzan gazte euskaldunen ereduak aurkeztea. Izan ere, horretarako sortu zen duela hiru urte Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa. Sormena sustatzeko lehiaketaren aurreko bi edizioek arrakasta handia izan zuten, eta hori dela eta, ekimenari aurten ere jarraipena ematea erabaki da.

   Hirugarren edizio honen buruz burukoa Tolosan egingo da, irailaren 16an, herriaren 750. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan. Zalantzarik gabe, lehiaketa aukera paregabea da gazteek ere herriaren urteurrenaren ospakizunetan zuzenean parte har dezaten.

   Lehiaketaren nondik norakoak ere azaldu ditu Sonia Pérezek: parte hartu nahi dutenek horman margotuko duten graffitiaren zirriborroa aurkeztu behar dute lehenengo eta behin, eta horretarako epea abuztuaren 31n amaituko da.

   Aurkeztutako zirriborro guztien artean aditu talde batek hamar lan aukeratuko ditu, eta horien egileek irailaren 16an margotuko dituzte aurkeztutako zirriborroak, Tolosan. Hamar graffiti horien artean, lau sari banatuko dira iluntzean egingo den jaialdian: 1.200 euroko hiru sari, (teknikaren erabilpen egokiena, koloreen erabilpen egokiena eta graffiti original eta freskoena), gehi “Kalitatea” sari bat, Eusko Label duten hainbat produktuz osatutakoa. Soniaren hitzetan, “antolatzaileok buru-belarri ari gara lanean, eguneko programazioa ahalik eta erakargarriena egin ahal izateko”. Jaialdiaren inguruko xehetasunak irailaren hasieran emango dituzte.

   Aurreko edizioetan bezalaxe, oraingoan ere TOPAGUNEA Euskara Elkarteen Federazioak antolatu du lehiaketa, Tolosa 750. Urteurrena Fundazioaren eta Galtzaundi Euskara Elkartearen lankidetzaz, eta honako hauen babes eta laguntzaz: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Kutxa, Tolosako Udala, Montana Cans-Fergasor eta Kalitatea Fundazioa.

Informazio gehiago jasotzeko eta zalantzak argitzeko ondoko zenbaki eta helbidera jo:

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa

Gazte Saila – Amaia Alberdi
946215116 edo gazteak2@topagunea.com

2 Responses so far.

  1. Eup!

    Hala nahi izanez gero, albiste honen inguruan telebistan ateratako informazioa ikusgarri dago hemen:
    http://www.youtube.com/user/topagunea
    On egin!

  2. […] Duela egun batzuk Euskal Herriko III. grafitti lehiaketaren berri eman genuen (Euskal Herriko III. grafitti lehiaketa martxan). Lehiaketa honi buruz informazio gehiago nahi izan ezkero hemen dituzu bi bideo hauek: […]

  • Facebook
  • Twitter

Webgune interesgarriak

  • Kirolaz.com
  •  Oiartzungo Udalaren Webgune ofiziala
  • Elorsoro Oiartzungo Udal Kiroldegia
  • Oiartzungo IV. Argazki lehiaketa