ABARAXKA OIARTZUNGO UDAL LUDOTEKA

Haurren balio anitzeko zerbitzua

Historiaurrea hurbil-hurbiletik Elizalde ikastetxean

Ilbeltzaren etorrerarekin batera Elizaldeko 6. mailako gazteek Historiaurrea zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera izan dute. Paleolitoa, Neolitoa eta Metalen Aroa izan dituzte aztergai eta horretarako bina orduko 6 saio eduki dituzte.

Historiaurrearen azterketarako teknikak eta zientzia desberdinak ikasi dituzte. Batez ere, arkeologian, paleontologian eta paleoantropologian sakondu dute. Hori guztia benetako eskalan egindako erreprodukzioak erabiliz lortu dute. Epoxi erretxinaz egindako pieza franko ikusi ahal izan dituzte. Hala berean, harriekin egindako armak, erremintak, musika tresnak, pinturak, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lanabesak, errotak, etab. luze bat aztertzeko aukera ez dute alferrik galdu. Finean, museoa gelara ekartzea bezala izan da.

Benetako eskalan egindako tximino antropomorfo handien busto eta kaskezurrak dira aipatzeko gaietako batzuk: giboiena, gorilena, orangutanena edo txinpantzeena, konparazio batera. Baita gizakien aurrekoak diren Orrorinena eta Toumaiarena ere. Eta noski, hominido garrantzitsuenak ere aztertu dituzte; hala nola, Australopiteko desberdinak, Parantropoak, Homo habilisa, Homo ergaster/erektusa, Neandertala, eta Homo sapiens-sapiensa edo gaur egungo gizakia.

Historiaurrea behar bezala ulertzeko tailerrak egin dituzte ikasleek. Anatomia ezagutzak, harriekin egindako tresnak, zeramika, ehiza errepresentazioak, Paleolito eta Neolitoko pintura-muralak, nekazaritza eta abeltzaintza eszenak etab.

Saio hauek guztiak Raoul Servert geomorfologoak gidatu ditu. Bertako ikasle biren aita denak ibilbide eta curriculum luzea du. Besteak beste Valentziako Unibertsitateko Politeknikoko irakasle da. Erabilitako materiala KRIPTA S.L. ren berezko bildumatik hartua izan da. Aipatu bilduma bakarra da eta bereziki hezkuntza mundurako sortutakoa da.

Elizaldeko haurrak zoratzen eta esker onez bukatu dituzte saioak. Ikaragarri ikasi dute eta gertu-gertutik bizi izan dute historiaurrea. Material pribilegiatua izan dute esku artean eta ederki estimatu dute.

Aurrerantzean elkarlanean jarraitzeko asmoz, Elizalde Ikastetxe Publikoak eskerrik beroenak eman nahi dizkio Raoul Serverti egindako lanagatik eta erakutsitako adeitasunagatik.

historiaurrea