ABARAXKA OIARTZUNGO UDAL LUDOTEKA

Haurren balio anitzeko zerbitzua

Abittu zerbitzuak kirol jarduera fisikoaren orientazioa eskainiko die oiartzuarrei

Gaurtik aurrera, Elorsoro kiroldegian kokatuta dagoen zerbitzua martxan da

Abittu jarduera fisikorako orientazio zerbitzua martxan jarri du Oiartzungo Udalak, Eusko Jaurlaritzaren Mugiment ekimenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol sailaren laguntzarekin.

Bizitza osasuntsurako aholkularitza eskainiko die Abittuk herritarrei. Zerbitzua Elorsoro kiroldegian kokatuko da eta astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 11:00etara, Mikel Lopez orientatzailea arduratuko da aholkuak, irizpideak, informazioa eta bestelakoak bideratzeaz.

Gaurtik aurrera martxan dago Abittu zerbitzua. Hitzordua 943 49 25 52 telefonora deituta edo abittu@oiartzun.org-ra idatzita eskatu daiteke.

Abitturen filosofia

Eneritz Arbelaitz alkateordeak azaldu duenez, “jarduera fisikoa egiten ez duten herritarrei bideratutako zerbitzua da, aktibo bihur daitezen eta jarduera fisikoaren bidez euren bizi kalitatea hobetu dezaten: jarduera fisikoa osasunerako positiboa izateaz gain, sozializaziorako tresna ere bada”.

Iñaki Iturriotz Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak emandako datuen arabera, “gipuzkoarren lautik bat ez da iristen bizi osasungarrirako aholkatutako jarduera fisikoa egitera”. Sedentarismoari aurre egiteko erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Iturriotzek.

Abittu kirol zerbitzuaren onuradun izan daitezkeenak identifikatzeko Oiartzungo eragileekin sare bat osatzea da helburua, Ion Treku Oiartzungo Kirol teknikariak azaldu duenez. Horrela, udaletxeko sail ezberdinen, anbulatorioaren, ikastetxeen edota kiroldegiaren arteko elkarlana bultzatuko da. Orientazio zerbitzuak herritarra artatu, haren egoera baloratu eta beharrak identifikatu ondoren, Oiartzungo baliabideen eta aukeren arabera gomendio pertsonalizatuak emango zaizkio erabiltzaileari.

Hurrengo bi asteetan, Txarako zirkuitu bio-osasungarria erabiltzen ikasteko tailerra eskainiko du Abittuk (asteartea, hilak 13 eta 20, 10:00etan eta 17:00etan; osteguna, hilak 15 eta 22, ordu berean).