ABARAXKA OIARTZUNGO UDAL LUDOTEKA

Haurren balio anitzeko zerbitzua

Drogen gaia objetibotasunez eta zentzuz landuz…

sexdroglogo

Drogen eta Sexualitateen aholkularitza zerbitzutik zurekin partekatzeko interesgarriak iruditzen zaizkigun gaiak lantzen joan nahiko genuke. Hori dela eta, ostiralero 17.30-19.30 etara Gazte Informazio Bulegoan aurkituko gaituzu eta blogean ere denon interesekoak diren artikuluak jartzen joango gara.

Gauza guztiekin bezala oinarritik hastea onena denez…

Oinarrizko hainbat kontzeptu

Zer dira DROGAK?

– Substantzia naturalak edo artifizialak dira, eta gure gorputzean hainbat modutan sartuz gero, nerbio sisteman aldaketa fisikoak eta/edo psikikoak sortzen dituzte, baita errealitatea hautemateko moduan ere.

– Oso ezberdinak dira drogak kontsumitzeko moduak: edan, irentsi, esnifatu, erre, txertatu,… daitezke.

Droga KONTSUMITZAILE motak

– Noizbehinkakoa: hitzak berak esaten duen bezala, noizean behin kontsumitzen duen pertsona.

– Ohikoa: ia egunero edo egunero kontsumitzen duen pertsona.

– Neurriz gainekoa: modu desegokian kontsumitzen duen pertsona, bere osasuna kaltetuaz edo menpekotasuna eraginez.

TOLERANTZIA

– Ohiko edota neurriz gaineko kontsumitzaile batek kontsumora ohitzen deneko prozesua; une batean dosia gehitu behar du aurreko ondorio berdinak lortzeko.

MENPEKOTASUNA

– Droga kontsumo desegokia izan ostean, drogen kontsumoa ez kontrolatzea iristen den pertsonaren egoera. Kontsumitzaileari uzten zaionean urduritasuna, antsietatea edo herstura, depresioa,… sortzen dira. Hau abstinentzia sindromea izeneko fenomenoa izango litzateke.

– Psikikoa, fisikoa edota funtzionala izan daiteke droga batekiko menpekotasuna.

DROGEK ZEIN ERAGIN SORTZEN DITUZTE?

Orokorrean, drogek hiru ondorio edo efektu ezberdin sortzen dituzte gure gorputzean:

– Estimulatzaileek, hitzak esaten duen bezala, gorputza azeleratu edo bizkortzen dute.

– Deprimitzaileek gorputzaren funtzionamendua mantsotzen dute.

– Haluzinogenoek eta droga psikodelikoek kanpo mundua hautemateko moduan eragiten dute.

Baina droga guztiak ez dira kategoria zehatzetan sailkatzen. Marihuanak adibidez hainbat efektu eragiten ditu: erlaxazioa, lasaitasuna eta berriak diren zenbait motek ere  haluzinazioak. Zenbait droga, MDMA (estasia) esate baterako, estimulatzaile edo bizigarri eta haluzinogeno puruen artean kokatzen dira. Ez da harritzekoa, estasi familiako droga guztiak estimulatzaileak eta psikodelikoak dira, batzuk haluzinogenoagoak dira estimulatzaileak baino, beste batzuk berriz alderantziz.

ZER GERTA LITEKE?

Ondorio estimulatzaileak dituzten droga gehienak hasiera batetan euforia eragiten dute; orokorrean hau izaten da lehen sentsazioa. Ohikoena tabakoarena izaten da, eguneko lehen zigarroa erretzen hastean zorabio antzeko bat sortzen duelarik edo alkoholaren lehen efektua, lehen zurrutada eman eta handik 20 minututara ematen dena. Hasierako efektu edo ondorio honek energiaren bat-bateko eztanda bat eragiten du: zure barnean dena bizkortzen hasten dela sentitzen duzu eta bertigoa edo zorabio sentsazioa daukazu. Estasiaren eta anfetaminen euforiak aktibitate handia eragin dezake: etengabe lanean aritzeko gaitasuna, gelditu gabe dantzan aritzeko gogoa,…. MDMA-ak (estasia droga honetatik eratortzen da) kontsumitzaileengan toki fresko batetan eserita jarri eta arnasa sakonki hartzeko gogoa sortzen du.

Droga depresoreak edo deprimitzaileak nerbio sistema zentrala mantsotzen dute; honek erlaxazioa, ongizate sentsazioa eta lotsaren galtzea eragin dezake.

Droga haluzinogenoek ondorioak sortzeko ordubete inguru behar izaten dute, mundua hautemateko modua aldatzen dutelarik. Aldaketa hauek atseginak edo desatseginak izan daitezke, kontrolatzen ez ditugun faktoreen menpe daudelarik.

(Iturria: Drogak larru gorrian. Askagintza)