ABARAXKA OIARTZUNGO UDAL LUDOTEKA

Haurren balio anitzeko zerbitzua

Euskal Herriko Trail Estazioaren irikiera

trail_tx

Euskal Herriko Trail Estazioa Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletan zehar zabaltzen da, nazioarteko Trail Estazioen sarean (www.stationdetrail.com) barneratutako proiektua eta Estatu mailan egiten den lehena gainera. Trail Estazioaren irikiera dela eta, Foru Aldundiak hainbat kirol ekitaldi antolatu ditu datorren martxoaren 14 eta 15ean, Abaltzisketan eta Zegaman, hurrenez hurren.

Trail estazio bat mendian lasterketa egiteko prestatuta dagoen eremua da, hainbat ibilbide eta zerbitzu eskaintzen dituena eta nazioartean homologatuak dauden seinaleak erabiltzen dituena. Estazioa kirol honetan hasiberriak diren pertsonei nahiz korrikalari adituenei zuzenduta dago, trail-ean teknika hobetzeko aholkularitza zerbitzua jaso edota entrenamendu saioak egiteko prestatutako guneak erabiltzeko aukera eskaintzen baita.

Entrenamendu saioa profesionalekin

Martxoak 15ean, igandean, mendiko lasterkari  profesionalez gidatutako trail-running saio batean parte hartzeko aukera zabaldu du Aldundiak Zegamako harrera gunean, Anduetza Parketxearen egoitzan. Trail Estazioko ibilbideak ezagutzeaz gain, mendi lasterketarako teknika landu eta Iker Karrera edota Jokin Lizeaga bezalako korrikalari profesionalen aholkuak jasotzeko bi saio antolatu dira.

Korrikalariaren maila eta esperientziaren arabera bi aukera ezberdin egongo dira: batetik, 10km-ko luzeerako ibilbidea eta, bestetik, 18km-koa.

Korrika saioetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea Kirol Probak webgunearen bidez (www.kirolprobak.com) martxoak 12a baino lehen. Partaide guztiek Raidlight etxeko kamiseta tekniko bat jasoko dute opari.

Erakusmahaiak eta zozketa bereziak

Honetaz gain, trail-running munduarekin erlazionatutako erakusmahaiak, zozketa bereziak (sari oso-oso berezi bat izango da zozketagai parte-hartzaile guztien artean), hainbat kultur ekintza eta tailer eskainiko dira goiz guztian zehar familia osoari zuzenduta Anduetza Parketxearen inguruan.